Roses herri mediterranear peto-petoa da eta itsas eta turismo tradizio handikoa. Natur ingurune berezian kokatua dago, Costa Bravako iparraldean, Frantziako mugara 30 km baino gutxiago daude, 65 km Gironara eta 160 km Bartzelonara.
Bere sorrera K.a. VIII. mendekoa da, rodioak ailegatu eta Rhode hiri greziarra sortu zutenekoa. Gertaera historiko hauek dira Rosesen nortasun zeinuak, herri modernoa, kultur arloan aktiboa eta emankorra baita, beste herri eta zibilizazioekin izandako elkarbizitzaren ondorio zuzena, eta horretaz oso harro gaude.
Xarmaz eta deskubritu beharreko sentsazio berriez betetako herri honetan murgiltzera gonbidatzen zaitugu, duela 3.000 urte baino gehiago bere lehen bizilagunek egin zuten bezalaxe. Rosesen natura, kultura eta ohituren ekarriaz gozatzea denen eskura dagoen pribilegioa da.
Hemen ikus daitezkeen eguzki-sartzeengatik, jendearen izaera lagunkoi eta goxoarengatik, historia ondarearengatik, turismo eta gastronomia eskaintzarengatik, eskaintzen dituen zerbitzuen profesionaltasunarengatik eta entretenimendu eta aisialdirako aukera amaiezinengatik Rosesek bereganatzen bazaitu, gure helburua betetzat emanen dugu.
Eskaintzen dituen zerbitzuak: Jarduerak:
Duen natur inguruneak, hainbat kirol jarduera egiteko marko egokia eskaintzen dio herriari: mendi-ibilaldiak, mendi bizikleta, parapentea… edota bela, arrauna, urpekaritza, arrantza edo surfaren moduko itsas kirolak. Kirol portuak Mediterraneoaren alde ludiko hori indartzen lagundu du. Aisia ziurtatua dago txikienentzako zein helduentzako, berdin dio mugitua edo lasaia izan.
Lehen mailako turismo jomuga denez, herriak dibertsioa segurtatzen duten azpiegitura eta instalazioak ditu, hala nola ur-parkea, karting, minigolf eta haur parkeak. Baina tren turistikoak eskaintzen duen paseo panoramikoa ere aukera dezakegu, edota lehorrean zein itsasoan txangoak eskaintzen dituzten itsas kruzero erosoak. Rosesen eskuragarri duzun kultur eta natur ingurunearen handitasunak, zentzumen guztiak asebeteak utziko dizkizu.
Hainbeste jardueretatik ihes egin eta gorputzari atseden eman nahi diotenek ere goza dezakete gurean: aukeran izanen dituzte jacuzziak, saunak, lurrun-bainuak, masaiak eta talasoterapiaren plazerrak.
FESTAK
Urteen joanean bere kultur ondarea sendotu duten giza baloreak, antzinako ohiturak eta herri tradizioak bildu ditu Rosesek.
Urtean zehar, ikuskizunak eta gastronomiak bat egiten dute bizilagunek eta bisitariek elkar daitezen.
Sardana eta habanera topaketek, musika klasikoak, jazz edo blues kontzertuek, antzerki emanaldiek, ikuskizun piroteknikoek eta Roseseko Inauteri famatuak osatu egiten dituzte festa ekitaldietan arrain suquet-a edo arrozez hornitutako otorduak, herri goxo eta abegikorraren berotasuna azaleraziz.
Oharrak: Intereseko tokiak:
- CIUTADELLA- Monumentu historiko artistiko honek, natur portu honetan bizi izan diren zibilizazio ezberdinen aztarnak biltzen ditu, K.a.ko VIII. mendean Rhodeko fozear kolonia sortu zenetik. Interes handikoak dira auzo helenistikoaren aztarnak (K.a.ko IV-VI. mendeak), erromatar garaiko A eraikina, arrain gaziketarako erabiltzen zena (K.a.ko IV-VI. mendeak), monastegia eta Santa Maria eliza (XI. mendea), Goi Erdi Aroko harresiaren aztarnak (XI-XVII. mendeak). Arkeologia-multzo osoa, oinplano pentagonala eta bost bastioi dituen Errenazimenduko gotorlekuaren (XVI-XVII. mendeak) barnean dago.
Esparru hau Roses-eko Ciutadellako Museoaren egoitza da. Bi areto ditu, batean herriaren historia erakusten da eta bestean aldi baterako erakusketak biltzen dira: gaur egun "El Mar de Poseidón", Mediterraneoko nabigazioaren historiari buruzko erakusketa.
- MULTZO MEGALITIKOA- Roses-eko lehen bizilagunek bere aztarna utzi zuten herrigunetik hurbil sakabanatuak dauden eraikin funerarioen bitartez. Hauen artean, Creu de Cobertellako Trikuharria, Kataluniako garrantzitzuenetakoa da. Seinalizatutako ibilbidea segituz, beste hainbat monumentu megalitiko ere ikus daitezke: Casa Cremadako bi menhirrak, (K.a.ko IV-III mendeak), Casa Cremadako zista, Llit de la Generalako trikuharria, Cap de l´Homeko trikuharria eta La Cuana-ko leze-trikuharria (K.a.ko 2500. urtea).
- TRINITATEKO GAZTELUA- La Poncellako itsamuturrean, talaia eta defentsa puntua zen, Roses-eko itsasargiaren gainetik. Eraikin militar hau, 1544koa, Carlos V. enperadorearen agindupean eraiki zen, eta bera izan zen lehen harria jarri zuena.
- KASTRO BISIGOTIKOA- El Puig Rom-en dagoen Goi Erdi Aroko esparru harresitua da. Harresi zabal baten aztarnek eta lauangeluko bi dorrek osatzen dute. VII. mendean eraiki zen, defentsarako helburuekin.
- BUFALARANYAKO GAZTELUA- Harkaitzez inguratutako toki zoragarri batean, X. mendeko gazteluaren aurriak bisita daitezke muino baten gainean, Roses-etik Cadaquésera doan errepidetik hurbil. Harri-xabalez osatutako marrazkia da bere ezaugarririk nagusia, galburu bat irudikatzen duena (opus spicatum).
- SANTA MARIA ELIZA- Gaur egungo tenplu parrokiala 1796an sagaratu zen. Pedro Martín Cermeño ingeniari militarraren proiektutik absidea, gurutzadura eta kupula originalak kontserbatzen dira. Gainerakoa, bazterreko kaperak eta fatxada neoklasikoak dira, 1853 urtekoak, Martí Sureda i Deulovol arkitektuaren lana. Eraikuntza 1864an eten egin zen, eta bazterreko nabeak estali gabe eta fatxada bukatu gabe gelditu ziren. 1995-1998 urteen artean moldatu zuten.
- MALLOL ETXEA- Katalunia Plazan dagoen eraikin modernista. 1906koa da eta proiektua Joan Marès arkitektuarena da. Gaur egun Udaletxea da.
- ROZES ETXEA- Familia bakarreko eraikina da, izaera garaikidea duen joera arkitektoniko mediterranear tradizionalaren erakusgarri. Itsasotik hurbil kokatua, l’Almadravako puntatik hurbil, José Antonio Coderch de Sentmenat arkitektuaren proiektua da.
- MAS D'EN COLL- Harresitutako etxea Trencadako bailararen sarreran dagoena, XIII. mendetik dokumentatua eta Herri Intereseko Ondasun izendatua. Coll familiako hamahiru belaunaldik egin dute ardoa hortxe, 1679. urteaz geroztik, eta bisita egin bidenabar, izanen da ardoa dastatzeko aukerarik.
- ITSASARGIA- 1864an eraikia, Isabel II. erreginaren garaian, ikusgarria da itsas bazterrean, Trinitateko gazteluaren azpian. Gaur eguneko itsasargia, itsas argi tradizio luze baten oinordeko da, gutxienez 1304tik ezaguna.